«

»

mar 19

Amaiurrek martxoaren 29ko greba deialdiarekin bat egin du

 

Deialdi honen arrazoia, martxoaren 29rako, ELAk, LABek, ESk-k, STEE-EILASek, EHNEk eta HIRUk deitu duten greba deialdiari gure babesa ematea da. Era berean, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritar guztiei dei egiten die Amaiurrek egun horretan kalera irten eta euren eskubideak aldarrika dezaten. Martxoaren 29an kalera irten behar dugu Espainiako, Gasteizko eta Iruñeko gobernuak martxan jarri dituzten neurriei ezetz esateko.

Greba hau testuinguru berezian deitu dute sindikatuek: krisi ekonomiko sakon batean gaudela. Eta argi esan behar dugu, aurretik Alderdi Sozialistak eta orain, Alderdi Popularrak erantzukizun osoa dutela bizi dugun egoeran.

Langileei, kaleko jendeari ordaindu arazi nahi dizkio  Alderdi Popularrak krisiaren ondorioak. Egoera honen erantzule ez direnei, hain zuzen. Herritar soilak dira, gara, kapital handiaren jarrera arduragabe eta diru-gosearen biktimak. Baina baita ere esan behar dugu, langileen egoeraz arduratu ez diren politikarien jardunaren biktimak ere badirela herritarrak.

Zentzu horretan, eta berriz nabarmendu nahi dugu, Alderdi Popularraren, PSEren eta UPNren gobernuek onartu dituzten neurriak direla egoera are gehiago okertzen dutenak.

Lan erreformak esaterako azken 50 urteotako lorpen sozialak ezabatu nahi dituela salatu nahi dugu berriz ere. Besteak beste, zerbitzu publikoak desagerraraztea du helburu lan erreformak. Herri honetako sektore publikoa suntsitzea. Eta noski, hori guztia, sektore pribatua indartzeko.

Eta esan beharra dago, pribatizazio horiek guztiek konpainia eta enpresa handiei, kapital handiari soilik egiten diela mesede. Krisi hau berau sortu duten enpresa horiei.

Espainiako gobernua eta EAE eta Nafarroako gobernu autonomikoak patronalaren menpe daude. Neurri horiek guztiak irabazi jakin batzuk handitzera datoz.

Baina ez da soilik lan erreforma langileei kalte egingo diena. Baita finantza erreformak ere. Zalantzarik gabe erreforma honek aberats eta txiroen arteko tartea handitu egingo du. Finantza oligopolio handiak sortzen lagunduko du erreforma horrek. Banketxe eta finantza erakunde handiak indartu eta aurrezki kutxa edo sustrai sozialeko erakundeei kalte egingo dien erreforma dela salatzen dugu beraz.

Zera nabarmendu nahi dugu gainera: neurri horien guztien atzean egoeraren diagnosi okerra dagoela. Krisiaren arrazoiak zeintzuk diren ulertu nahi ez dutela dirudi. Ekonomia erreala albo batera utzi eta espekulazioan oinarrituriko ekonomia sustatzen ari dira. Eta eredu horrekin, langileek ezer gutxi dute irabazteko.

Horregatik diogu beraz: kalera irten eta ASKI DA esateko garaia dela. Langileak, autonomoak, enpresa txiki eta ertainak, emakumezkoak, gazteak, langabetuak… guztiak, kalera irten eta bestelako gizarte eta ekonomia eredua aldarrikatzeko unea da. Bestelako ekonomia posible delako!!!!

Hala ere, erantzutearekin ez da nahiko. Burujabetza politiko eta ekonomikorantz abiatzea ezinbestekoa da elkartasunean, eskubideetan eta justizia sozialean oinarrituriko etorkizuneko eredua eraiki nahi bada.

Greba honek mobilizazio herrikoi handia izan behar du. Gure burujabetza ekonomiko eta politikoa aldarrikatu behar dugu. Aurrerantz, etorkizunerantz, baikortasunez eta jarrera eraikitzaileaz jarduteko unea da.

Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarrok, Iparraldeko gure neba-arrebekin batera, bestelako ekonomia eta gizarte eredua eraikitzeko aukera eta erantzukizuna dugu. Hau da, goi mailako botere politiko eta ekonomikoetatik inposatzen zaigun proiektu espainiar honen aurrean, alternatiba bat proposatzeko aukera dugu. Eta egin, egingo dugu!!!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes utilizar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>