«

»

Jan 25

EAk Pasaiako kanpoko kaia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du berriro

EAk alegazioak aurkeztu ditu Portu Agintaritzak irekitako kontsulta publikorako epearen barruan eta agerian utzi du kanpoko kaiak ez duela inolako justifikaziorik. Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena negatiboa izan dadila eskatu du.

Iñaki Ostolaza Gipuzkoako koordinatzaileak eta Alberto Unamunzaga senatore eta Exekutiba Nazionaleko kideak Pasaiako Portuko Azpiegiturei buruzko Plan Zuzendariari eta Ingurumen Jasangarritasunari buruzko Txostenari Eusko Alkartasunak aurkeztu dizkien alegazioen berri eman dute gaur goizean Donostian. Hona hemen haien hitzaldia:

Pasaiako Portu Agintaritzak irekitako kontsulta publikorako epearen barruan, Eusko Alkartasunak alegazioak aurkeztu eta egin dizkie Pasaiako Portuko Azpiegiturei buruzko Plan Zuzendariari eta Ingurumen Jasangarritasunari buruzko Txostenari; eta gaur alegazio horiek aurkeztera gatozkizue.

Dakizuenez, 2010. urtean ere EAk, beste talde eta erakunde askok bezala, alegazioak aurkeztu zituen, kanpoko portua eraikitzeko egitasmoaren aurka eta portu misto baten alde. Hala ere, Portu Agintaritzak ez zituen alegazio haiek kontuan hartu eta orain aurkeztu berri duen proposamenak ez du funtsean ezer aldatzen, kanpoko kaiaren aldeko apustua berretsi egin baitu, pisuzko argudiorik eman ez duen arren. Plan Zuzendarian egin dituen aldaketa guztiak norabide berean doaz, kanpoko kaia justifikatzen saiatzera.

Hori dela eta, Portu Agintaritzak proiektuari eutsi egiten diola ikusita, Eusko Alkartasunean berriz ere alegazioak aurkeztea erabaki dugu, ea oraingoan behar bezala erantzuten diguten, ez 2010ean bezala.

Gure alegazioek lau ardatz nagusi dituzte:

1. Merkantzien trafikoak ez du kanpoko portua justifikatzen.
2. Inbertsioa oso handia da eta zalantza asko sortarazten ditu, izango lukeen balizko eraginari begira.
3. Proiektuak ingurumenean izango lukeen eragina onartezina da.
4. Portu Agintaritzak badiaren biziberritzea kanpoko portuaren menpe utzi egiten du.

Merkantzien trafikoak ez du kanpoko portua justifikatzen.

2008. urtean Bilboko, Pasaiako eta Baionako portuek 50 milioi tona mugitu zituzten, portu horiek duten gaitasunaren erdia baino gutxiago. Trafiko hori, gainera, beherantz joan da eta argi dago, beraz, egun ditugun azpiegiturak nahikoa direla sor daitekeen eskariari erantzuteko. Datuen arabera, Pasaian kanpoko portu bat eraikitzeak ez dio lehiakortasun handiagorik emango euskal portu sistemari.

Gauzak horrela, diru publikoa arrazionaltasunaz eta behar bezala kudeatu beharrean, Portu Agintaritzak azpiegiturak bikoiztea planteatzen du, eta hori sekulako erokeria da krisi garaian, instituzioek haien aurrekontuak orekatzeko izugarrizko arazoak dituzten honetan.

Inbertsioa oso handia da eta zalantza asko sortarazten ditu.

Xixon eta A Coruñan sekulako porrota egin dute hango kanpoko portuekin, eta horretaz ere ikasi behar dugu. Han kosteak uste baino askoz altuagoak izan dira eta horren ondorioz orain erabat zorpeturik daude, portu hoiekin zer egin ondo jakin gabe.

Kanpoko portuen eredua bazterturik dago Europa osoan eta Pasaian ere zalantza asko daude merkantzien trafikoa erakartzeko kanpoko portuak izango lukeen gaitasunaren inguruan. Eta baita ere obrak finantzatzeko gaitasunaren inguruan.

Proiektuak ingurumenean izango lukeen eragina onartezina da.

Eta ez bakarrik Jaizkibelen. Ulian eta Iparraldeko kostaldean ere bai, bai eta Gipuzkoako hondartzetan ere.

Jaizkibelek eta zonalde horiek sekulako balioa dute ingurumenaren aldetik; horretaz hitz egiten ar igara, Natura 2000 Sareak babesten dituen espazioak dira.

Eta barnealdean ere eragin negatibo larriak egongo lirateke, Portu Agintaritzak plataforma logistikoak eta azpiegiturak eraikitzea aurreikusten duelako. Arlo horretan Oarsoaldeak eta Bidasoaldeak arazo handiak dituzte jada gaur egun, eta Portu Agintaritzak larriagotu nahi ditu orain, antza denez.

Portu Agintaritzak badiaren biziberritzea kanpoko portuaren menpe utzi egiten du. Eta alderantziz izan behar du, hain justu.

Ekonomiaren aldetik zein ingurumenaren aldetik, kanpoko portua ez da jasangarria, baina Portu Agintaritzak diru iturri bezala ikusten du badiaren biziberritzea finantzatu ahal izateko. Hori baino ez da proiektuaren balioa Portu Agintaritzarentzat. Eta ideia faltsua zabaldu nahi du horretarako, kanpoko porturik gabe ez dagoela badia biziberritzea.

Laburbilduz, EAren alegazioek argi eta garbi uzten dute:

• Kanpoko Portuaren proiektua behin betiko baztertu behar dela, proiektu hori delako, hain zuzen ere, oztopo nagusia Pasaiako badiaren biziberritzeari heltzeko.
• Bide bakarra, bideragarritasuna duen aukera bakarra, portu mistoa da, erabilera komertzialak mantenduz eta hiri-erabilerak sustatzeko lurrak utziz.
• Pasaia ezin da Bilborekiko edota Baionarekiko lehia batean sartu, kontrakoa baizik. Ideia klabea elkarlana da. Komunean lan egin behar dute euskal portuek, eta horretarako Bilboko eta Pasaiako kudeaketa unifikatu egin behar da Portu Agintaritza bakar baten bitartez.

Hori guztia kontuan hartu, Eusko Alkartasunak ingurumen inpaktuari buruzko deklarazioa negatiboa izan dadila eskatu egiten dugu, eta kanpoko portuaren proiektua behin betiko bertan behera gera dadila.

 

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA

http://euskoalkartasuna.org/noticias/noticia-detalle.php?l=eu&id=10696
http://euskoalkartasuna.org/noticias/noticia-detalle.php?l=es&id=10696&lang=es

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes utilizar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>